Voy a empezar en castellano y luego seguiré en euskera…

Asteazkena, 2013ko otsailaren 20a

Aurreko astean hautsak harrotu zituen Eusko Jaurlaritzan Laura Mintegiri gertatutakoak. Prentsaurrekoa ematen hasi eta euskaraz hasi bazen ere, bat-batean gaztelaniara salto egin eta zera esan zuen: “Se que tenéis prisa para entrar a las diez, por lo tanto, voy a empezar en castellano y luego seguiré en euskera”. Hona hemen sekuentzia Youtubetik hartuta:

Zuzeu albistarian gertatutakoa zehatzago irakur dezakezue eta baita iruzkinetan internauten artean sortutako eztabaida. Laura Mintegik berak parte hartu zuen barkamena eskatuz, bere jardun gehiena euskarazkoa dela esanez eta bere iritzia azalduz. Hementxe: Bigarren mailakoak gara?

Gertaera hau ekarri nahi izan dugu hona, TELP tailerretan esaten dugun moduan, etsipen egoera sortarazten diguten adibideetako bat delako: eredua izan behar duenak kale egiten duenean. Adibide egokia iruditzen zaigu, pertsona publikoa den heinean, Laura Mintegik hizkuntzari ematen dion trataerak garrantzia handia duelako, bere ereduak eragin biderkatzailea izan baitezake, onerako zein txarrerako. Euskaldunok euskaraz bizi duten pertsonen ereduak behar ditugu, maila guztietan behar ditugu, eta zer esanik ez pertsona publiko ezagunen eredua. Horra hor kasu honek sortu duen eztabaidaren arrazoietako bat.

Gertatutakoa beste eremu batzuetara ere eraman dezakegu, jende aurrean hitz egin behar duen edonori gerta dakioke antzerako egoera bat: irakasle bati guraso bileretan, alderdi politiko edo sindikatu bateko kide bati prentsaurreko bat ematerakoan, hitzaldi bat eman behar duen gonbidatu bati eta abar. Honelakoetan norbaitek lehenengo erdaraz egiteko eskatuko baligu zer egingo genuke? Antzerako komunikazio jarduerak egin behar direnean garrantzitsua da komunikaziorako irizpide batzuk zehaztuta izatea. Jende aurrean komunikazioak egin behar duen pertsonarentzat irizpide horiei eustea errazago izango da aldaketak egiteko eskaeren aurrean. Zentzu horretan Gipuzkoako Foru Aldundiak komunikazio irizpideak zehaztu eta jendeari komunikatzeko egindakoa praktika ona iruditzen zaigu. Horregatik eskola, alderdi politiko, sindikatu, erakunde eta antzerakoei gomendatzen diegu hizkuntza irizpide batzuk zehazteko.

Bestalde, gogoratu behar dugu, Laura Mintegiri gertatu zaion moduan, denoi gertatzen zaizkigula antzerako egoerak non ematen dugun erantzuna ez da nahiko genukeena. Horrelakoetan erruduntasun sentimenduekin gure burua zigortu beharrean, hurrengo baterako ikasgai gisa baliagarria izan daitekeela pentsatzea komeni zaigu eta, noski, hurrengo batean berdina gerta ez dakigun neurriak pentsatu eta praktikan jarri.

Eta bukatzeko ohartxo bat: ez zaigu ahaztu ez, 10 urte pasatu dira Euskaldunon egunkaria itxi zigutenetik…

 

Erantzun