Skip to Content

Hona hemen TELP tailerretan parte hartu duen irakasle batek bidali digun esperientzia arrakastatsua:

 Aurreko eguenian,  maiatzak 2an, Nafarroako Bertitz inguruko autobus gidari batek oso hitz gutxi zekizkien euskaraz. Gu haur talde batekin gindoazen eta hizketaldia euskaraz ekin genuen. Gu galderak behin eta berriro egiten genizkion eta bera “bai, bai” edo guk esandako hitzak errepikatzen saiatzen zen. Horrela egin genituen 15-20 minutu. Halako b atian haserretu zan, haurren jarrera zala eta, mikroa hartu eta gazteleraz zuzendu zitzaien ikasleei. Ondoren geuk ere errieta egin  genien eta txoferraz euskaraz egiten jarraitu genuen zelabait. Nire ustez bere jarrera euskararekiko zuzena izan zen.

Gure lagunak esaten duenez, elebitasun pasiboa baliatu zuten kasu honetan, hau da, autobus gidariak euskara ulertzeko gaitasuna edukita, hizkuntzaz aldatzeko beharrik ez zegoen, irakasleek euskaraz arituz gero berak ulertu egiten zielako. Gainera berak ere hitz batzuk euskaraz esateko gai ere bazen ikusi den moduan. Zoriontzekoa da, era berean, kanpo arrazoi batzuek sortutako haserrealdiaren ondoren ere, irakasleek gidariarekin euskaraz mantentzeko ahalegina egitea eta lortzea.

 

Elebitasun pasiboa funtsezko baliabidea iruditzen zaigu euskaraz eroso bizi nahi badugu. Teoria badakigu beraz, praktika dezagun.

 

 

Irakurtzen jarraitu...

Azken egun hauetan azpian duzuen esketx hau (Prozaka.eus antzezlanekoa) bolo-bolo zabaldu da euskaldunen sare sozialetan. Post hau irakurtzen jarraitu baino lehen, esketxa ikustera animatu nahi zaituztegu:

Umorez egindako esketx honek bete-betean irudikatzen du euskaldun askoren artean dagoen joera: euskaraz aritzeko zailtasunak dituen pertsona baten aurrean euskaraz egin beharrean gaztelaniara aldatzea.  Konturatzen ote gara gure portaera horrek dituen ondorioez? Portaera horrekin ematen dugun mezuaz?

Pentsa: pertsona batek euskara ikasteko ordu ugari eman behar ditu euskaltegian. Hainbat urtez luzatzen den prozesu batean murgiltzen da. Bigarren (edo enegarren) hizkuntza ikasteko ahalegina egiten du. Prozesu horretako une batean,  nahikoa ausardia lortu ondoren, euskaldunekin euskaraz egiteko ahalegina egiterakoan… hara! Euskaldunok gure portaerarekin horrenbeste ahalegin egin behar ez zuela adierazten diogu! Guk hizkuntzaz aldatzen dugu eta pertsona horri aditzera ematen diogu bere euskaltegiko ordu guztiak, bizi-poz eta bizipenak alferrikakoak direla; ez dutela ezertarako balio izan.

Zertarako ikasi euskara euskal hiztunekin hitz egiteko ez bada?  Eta nola ikasi euskara euskaltegitik kanpo praktikatzen ez bada?

Euskaldun berri batek euskaraz egiteko ahalegina egiten duenean, euskaldunok eman diezaiokegun laguntzarik onena berarekin euskaraz aritzea da. Euskaltegian ikasi duena praktikatzeko aukera ematen diogu. Bere ahaleginari zentzua ematen diogu, euskaraz komunikatzeko gai dela ikusiko baitu, eta hori oso motibagarria izango da beretzat. Gainera, euskaltegitik kanpo zenbat eta gehiago praktikatu, orduan eta denbora gutxiago (eta diru gutxiago) beharko du euskara ikasteko, hau da, bere ikasketa prozesua laburtzen eta azkartzen lagunduko diogu. Azken batean euskara erabiltzeko gunea eskaintzen ari gara.

Euskaldun berriek beren denboraz eta diruz ereiten dute euskararen hazia beraien barnean. Hazi horrek fruitua emateko euskaldunon ekarpena, konplizitatea, beharrezkoa da. Lorezainak bezala izan behar dugu, pazientziaz hazia ureztatu, zaindu, besterik ez da behar. Denborarekin fruitua emango du. Inguruan euskaldun berri bat baduzue, ureztatu ezazue… euskararekin.

 

Irakurtzen jarraitu...

Entzun al duzu inoiz honako esaldia: “Euskara ikastea zaila da!” Bai ezta? Askotan entzuten dugu esaldi hori edo antzerakoa adierazten duten esaldiak. Horren adierazgarri da, duela urte batzuk gure hizkuntza ikasteko munduko zailena zena zioen diplomatiko batzuei iritzia eskatuz egindako ikerketa (?)  batek. Noski, euskararen normalizazioari kalte egiten dion aurreiritzi baten aurrean gaude beste behin ere. Eta aurreiritzi mota hauek gurean zabaltzeko duten erraztasunaren isla da euskal hiztun askok ere sinesten dutela euskara ikasteko zaila den hizkuntza bat dela, eta bere ingurunean aurreiritzia transmititzen dute (hitzez eta ekintzez), hizkuntzaren normalizazioari egiten dioten kalteaz ohartu gabe. Aurreiritzi horren ondorioz euskara ez dakienak ikasteko izan dezakeen motibazioa murrizteaz gain, euskaldunok hizkuntza aldatzera eramaten gaitu hainbat egoeratan.

Aurreiritziak jarrera eta portaeretan islatzen dira, beraz aurreiritziari lotuta dauden jarrera eta portaera horiek aldatu behar ditugu. Hain zuzen ere, hori izaten da TELP tailerretan lantzen dugun arloetako bat. Hortaz, garrantzitsua da euskaldunok aurreiritzi honi aurre egitea eta ez sinestea (ez baita egia), gure jarrera eta portaerak aldatuz, eta gure inguruan aurreiritzi hau  norbaitek esango balu, aurreiritziaren egia-gabetasuna agerian uzteko argumentuak izatea. Hori da hain zuzen ere post honetako helburua.

Zailtasunari buruz ari garela, esan behar da zailtasuna kontu oso subjektiboa dela, batentzat zaila dena beste batentzat erraza izan daiteke. Inork ez du zailtasuna neurtzeko tresnarik asmatu oraingoz ;-) Norberaren egoeratik abiatuta erabakitzen dugu guretzat gauza bat zaila den edo ez. Gauza bera esan dezakegu urruntasunaru buruz. Herri bat urrun dagoela esaterakoan, galdetu daiteke urrun nondik?

Hizkuntza bat ikasterakoan, ezagutzen dugun hizkuntza baten antzekoak diren hizkuntzak ikastea errazagoa izan daiteke, hainbat aurre ezagutza ditugulako eta horrek lagundu egingo digulako hizkuntza berria ikasten. Latinetik eratorritako hizkuntzen kasua izan daiteke, espainola, katalanera, galegoa, italiera, frantsesa, portugesa,… Hizkuntza horiek hainbat elementu komun dituztenek bat jakiteak besteak ikastea erraztuko digu.

Euskararen kasuan, latinetik eratorritako hizkuntza ez denez, pentsa daiteke espainoletik edo frantsesetik ikastea zailagoa dela. Pentsa dezagun pixka bat. Argudio horri jarraituz, espainiera eta frantsesera ikastea euskaratik abiatuta zaila izango litzateke? Baina euskara ama hizkuntza duten euskal hiztun ia guztiok ez dugu bada ibilbide hori egin? Gaur egun ama hizkuntza euskara duten hiztunek demostratzen dute ibilbide hori edozeinek egin dezakeela, ez baitugu uste munduko gainontzeko pertsonak baino azkarragoak garenik. Euskaratik abiatuta espainola edo frantsesa ikasteko ibilbidea edozeinek egin badezake… alderantzizkoa egiteko dagoen ibilbidea berbera da, beraz…

Horretaz gain, munduko edozein hizkuntza ikasteko zailtasunaren aurkako frogak baditugu, umeek edozein hizkuntzaz jabetzeko behar duten denbora ez baita nabarmen aldatzen edozein delarik hizkuntza hori ere. Hau da, munduko hizkuntzen artean ez dago bat bestea baino zailagoa denik.

Euskararen zailtasunaren mitoa deuseztatzeko argudioetan sakontzeko hona hemen Juan Carlos Moreno Cabrera hizkuntzalariaren artikulu batzuk:

Euskararen zailtasunari buruzko aurreiritziak

Sobre la complejidad y dificultad de las lenguas. El caso del euskera.

Zuei argudio gehiago bururatzen bazaizue idatzi, hemen bildumatxoa egiteko.

 

 

Irakurtzen jarraitu...

Norbait gaztelaniaz zuzentzen zaigunean zein hizkuntzatan erantzuten diogu? Gure artean oso hedatuta dagoen aurreiritzi bat da edukazio falta dela euskaraz erantzutea gaztelaniaz hitz egiten dizutenean.

Teorian, badirudi errespetu adierazpen eredugarria izan daitekeela gaztelaniaz erantzutea gaztelaniaz egiten dizunari. Praktikan, aldiz, portaera horrek gaztelaniaren alde egiten duen idatzi gabeko arau bati erantzuten dio, edukazio txarreko eta antzekoak deitu ez gaitzaten.

Portaera horrek ez luke ezer txarrik izango euskara eta gaztelania garrantzia sozial berbera izango balute eta, ondorioz, erdaldunek ere hizkuntza aldatuko balute norbaitek euskaraz egiten dienean. Kontua da, ez dela horrela izaten, salbuespenak salbuespen. Era horretan euskararentzat kaltegarria den disimetria bat sortzen da: talde batean gaztelaniaz hitz egiten duen norbait badago, “edukazioagatik”, gainontzekoak ere gaztelaniaz hitz egiten dute. Horrela, euskaraz zuzentzen zaizkigunean bakarrik aritzen gara euskaraz, eta horrek,  euskararen ordezkatze prozesua indartzen duen euskararen ezkutaketa dakar hainbat esparrutan.

Bitoriano Gandiagaren poesia gogora ekar dezakegu, soziolinguistika ikasgai gisa:

Erabiltzen ez den Euskara
hil egiten da
mugitzen ez den bihotza
hil egiten den bezala.

Euskara ez da
asko ta asko galdu
asko eta asko erabili delako.
Askotan eta asko
erabili ez delako
galdu da euskara
askoan asko.

Ez da ezergatik, baina
galdu den euskara,
pitin bat bada ere,
eskuratuko bada
askotarako eta beharrez [halabeharrez] askoka
erabili beharko da.

Ez da ezergatik, baina
euskara hil egiten da
berriketetan euskaraz
hitz egiten ez bada.

Ez da ezergatik, baina
isiltzen duzun euskara
hiltzen duzun euskara da.

Errespetu kontu bat izango balitz, hizkuntza aldatzen dugunok beti euskaldunak garenez, ondorioztatu dezakegu erdaldunak ez direla errespetuzko pertsonak. Baina horrek ez du ez hanka ez bururik ezta? Hizkuntza izan beharrean, beste arlo bateko adibide bat jarrita, ulertu dezakegu aurreiritzi honen zentzugabekeria. Demagun ni lagun batekin egunero kafea hartzera joaten naizela. Egunero nik ordaintzen dut kafea, lagunak ez du inoiz ordaintzen. Egunero, egunero, egunero… Kasu horretan zer izango nintzateke? Errespetu handiko pertsona ala… (zuk zeuk jarri adjektiboa).

Era horretako fenomeno sozialek gertakari kezkagarri bat azaleratzen dute, eremu batzuetan (hirietan, esaterako) euskarak duen erabilera urria. Idatzi gabeko arau horrekin apurtzea ezinbesteko baldintza da normalizazio prozesu batean aurrera egiteko. Gainera, kasu askotan gaztelaniaz zuzentzen zaiguna ere euskalduna izan daiteke, edota ulermen maila ona duen gaztelaniaduna, beraz, zergatik ez erantzun euskaraz? Eman euskara elkarri, sorpresa atsegin asko edukiko ditugu eta.

Irakurtzen jarraitu...

Aurreiritzi linguistikoak sarritan hizkuntza minorizatuetako hiztunoi hizkuntza portaera normalizatu bat izatea galarazten digute. Horregatik ezinbestekoa da barneratuta ditugunak detektatu eta horiek desmuntatzea. Post hau eta, etorkizunean etorriko diren beste batzuk, zeregin horretara bideratua dago.

Aurreiritzi linguistikoak, oinarri sendorik ez duten balio-judizio edo iritziak dira, hizkuntza bati edota hizkuntza baten hiztunei buruz errefusa edo arbuioa sortzeko helburua dutenak. Ez gara aurreiritzi hauekin jaiotzen, ikasi egiten ditugu familian, komunikabideetan, lagunartean, hezkuntza sisteman eta abarretan. Aurreiritziak pertsona eta belaunaldien artean transmititzen dira diskurtso eta portaeren bidez.

Aurreiritziak mota askotakoak izan daitezke, baina oinarri komuna dute: desberdintasuna mesprezatzea edota asimilazioa indartzea. Adibidez, euskararen inguruan eman diren aurreiritzi zaharrak ditugu, gaur egun gaindituta (?) omen daudenak:

Hizkuntza minorizatuen kasuan aurreiritziak banakakoen eta kolektiboaren autokontzeptuan eragina izaten dute. Era horretan gure autoestimuan ere eragiten dute.

Euskararen erabileraren kontra eragiten ari diren aurreiritzi linguistikoak indartzen dituen diskurtsoa mendeetan zehar garatu da, ehunka urte iraun duen ordezkatze linguistikoaren prozesuaren baitan. Ondorioz, barneratuta ditugun aurreiritzi horiek aldatzea denbora luzea  eskatzen du eta hainbat zailtasunei aurre egitea, ezin baita mendeetan garatu dena egun gutxi batzuetan aldatu. Baina barneratuta ditugun aurreiritziei aurre egiteko estrategia egokia da ezarritako diskurtsoa zalantzan jartzen saiatzea eta diskurtso horrek oinarrian dituen kausak ezagutzea. Hurrengo post batzuetan horretan arituko gara, aurreiritzi zehatz batzuk zalantzan jartzen hain zuzen ere. Zuei aurreiritzirik bururatzen bazaizue beldurrik gabe bidali, horiei ere aurre egingo diegu eta.

Galizia aldean ere galizieraren erabilerari kalte egiten dieten hainbat aurreiritziei aurre egin behar diete. Bertatik datorkigu bideo hau, edozein motatako aurreiritziak gainditzera animatzen gaituena:

 

Irakurtzen jarraitu...

Back to top

Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailaren laguntzaz

Eusko Jaurlaritzak diruz lagundutako ekimena.